XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jende berri asko hurbildu da aurten UEUren Iruñeko ekitaldira

Azken egunarekin batera, datuen eta balorazioen ordua iritsi zen UEUra.

Balorazioa, goian aipaturiko arazo ekonomikoa alde batera utzita, badirudi nahiko positibotzat jotzen dela, baina, hala ere, alde negatiboak ez dira alde batera utzi eta argi eta garbi azaldu dira.

Alderdi positiboei dagokienez, Iñaki Irazabalbeitiak ikasle eta irakasleen lana eta maila azpimarratu zuen, nahiz eta sailen artean ezberdintasunak izan.

Beste alde batetik, jende berri asko hurbildu da aurten UEUra gazte jende asko ikusi da eta hori garrantzitsua da, Irazabalbeitiaren ustetan.

UEUk bizia duela eta euskal generazio berrien artean erakargarritasuna baduela adierazten bait du.

Beste alde batetik, harreman pertsonalei dagokienez, oso giro jatorra ikusi ahal izan da bi aste hauetan UEUn.

Nahiz eta eritzi eta ideologia desberdin askotako pertsonak izan, ez da inolako tirabirarik edo arazorik sortu jendearen artean, errespetoa izugarria izan delarik, Irazabalbeitiak dioenez.

Hala ikusi zen joan den asteazkenean ospatu zen negoziazioari buruzko mahainguruan.

Hala ere alde negatiboak ere izan dira UEUren edizio honetan.

Alde batetik, arlo akademikoan zenbait huts egite izan dira eta hitzaldi eta mintegi batzu ezin izan dira aurrera eraman, horretarako hitza emandako pertsonak ez direlako agertu, batzutan beharrezko huts egiteak izan badira ere.

Beste alde batetik, bi sailetan, medikuntzan eta kimikan, arazoak izan dira.

Kimikan, esate baterako, ez zen ikasle nahikorik izan.

Medikuntzan ere, alfabetatze teknikoari zegozkion saioak bertan behera utzi behar izan ziren.

Bestela, alfabetatze teknikoa alde batera utzita, medikuntza sailak arrakasta haundia izan du, Irazabalbeitiak esan zuenez.

UEUren edizio honetako zuzendariak, bestalde, ekitaldi hau posible egin duten guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien, parte hartu dutenei eta laguntza morala eta ekonomikoa eman dutenei.

Ia seirehun parte hartzaile Ia seirehun parte hartzaile, 575 hain zuzen, pasatu dira egun hauetan UEUtik, atzo eskeinitako datuen arabera.

Haietatik 430 ikasleak zirelarik.

Gehiengoa gipuzkoarrek osatu dute aurten, 244 hurbildu bait dira Iruñera, bizkaitarrak 215 izan diren bitartean.

Azpimarratzekoa da, bestalde, naparren parte hartzea, aurtengoan 56 aritu bait dira Larraonako klaseetan eta sail ezberdinetan.

Arabatik etorri direnak 45 izan dira eta Iparraldeko 12 partaide izan ditu UEUk, kanpotik etorritakoak lau izan direlarik.

Euskaldunberri dexente aritu dira aurten Iruñean egindako ekitaldian, 232 hain zuzen, euskara betidanik dakitenak 326 izan diren bitartean.

Diruari dagokionez, sarrerak 14.750.722 pezetatakoak izan dira eta irteerak 23.910.425 pezetatakoak, 9.159.703 pezetatako defizita geratu delarik.

Azpimarratzekoa da, bestalde, udal askok laguntzak edo bekak eman dizkietela UEUn parte hartu dutenei, eta, hiriburuei dagokienez, badirudi Bilboko Udala dela deus eman ez duen bakarra.